Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak hazkundea izan du 2021 urtean
2021a hazkunde urtea izan da Zubillaga Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuari dagokionez. 1.635.203 kg/kanaleko ekoiztu dira guztira urte sasoi osoan, aurrekoarekin alderatuta %13ko gorakada izanik. Datu hauek isla zuzena izan dute urteko fakturazio totalean, hau %25ean haziz 2021ean zehar. Emaitzak bereziki positiboak dira Zubillaga elkartea osatzen duten 12 herrietako ustiategiei dagokionez, herri hauetan jatorria duten 339.305 kg./kanal ekoiztu baitira, 228 ustiategitan jatorria dutenak. Orotara,1.101 ustiategiri eskaini zaie zerbitzua, ustiategi kopurua ere %20an haziz, bereziki Bizkaia eta Arabako bezeroen artean gorakada izanik, Laudioko hiltegiaren itxieraren ondorioz. Logistikoki erronka garrantzitsua izan da Zubillaga Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuarentzat bezero esparru zabalago honi kalitatezko zerbitzua eskaintzea, baina oro har balantzea positiboa izan da.
Zerbitzu eskaintza mantentzen
2021ean izandako hazkunderik handiena behi eta ardi haziendetan izan da, eta honek eragin zuzena izan du zatitze zerbitzuan, guztira 398.458 kg/kanal prestatu baitira bertan, ekoizpen osoaren %25a, eta nabarmendu behar da datu hau eskuratzeko erakundeak Arkume bezalako proiektuetan parte hartzeko hartutako erabakia. Zatitze zerbitzuak ere gorakada izan du aurreko urtearekin alderatuz, %24ko zehazki. Ekoizpen ekologikoari dagokionez, 2020ko datuak mantendu egin dira 2021ean, 54.000 kg/kanaleko datua mantenduz, eta aldiz Eusko Label zigilua duen haragiaren ekoizpenak %27ko hazkundea izan du, 603.271 kg/kanaleko datuarekin urteko ekoizpen totalaren %37a suposatzen duelarik, bereziki Laudiotik iritsitako bezero berriei esker.
Barrura begira, lan taldearen egonkortze urtea izan da hau, 25 langileko plantilla mantendu baita. hala ere, azpimarratu behar da hauen lan baldintzak hobetze aldera instalazioen berritze urtea izan dela 2021a, harrera, bulego eta aldagela berriak estreinatuz.
Era berean, 2021ean zehar hornidura katean zenbait igoera eman ziren, eta Zubillagak horri erantzuteko zenbait neurri ezarri zituen, 2022an zehar mantentzea aurreikusten direnak.