Zubillaga Hiltegiak balantze positiboarekin itxi du 2025eko ekitaldia, abere eskasiari aurre eginez

Zubillaga Batzar Orokorra

Zubillaga Hiltegi-Zatitze zerbitzuak 2025eko ekitaldiari dagokion Batzar Orokorra egin du, eta emaitzak positibotzat jo ditu zuzendaritzak. Nahiz eta sektoreak bizi duen testuingurua konplexua izan, sozietateak egonkortasuna mantentzea lortu du, bai operatiboki eta baita ekonomikoki ere.

Abere eskasiaren aurrean, ekoizpena mantendu da

2025. urtea abere eskasiak markatu du sektore osoan, eta horrek eragin zuzena izan du ekoizpen datuetan. Zubillagan, guztira 1.535.195 kg ekoitzi dira, 2024an baino %3 gutxiago. 

Jaitsiera hori behi aziendan nabaritu da batez ere (-%3,5), baina beste sektore batzuek hazkunde garrantzitsuak izan dituzte: ardi azienda %5 igo da eta zaldi azienda, berriz, %15. 

Baldintza gogorrak izan arren (lehengai gutxiago), ekoizpen maila iazko datuen oso antzekoetan mantentzea lortu da.

Sozietatearen datuak eta hurbiltasuna

Zubillagak eskualdeko zerbitzu gisa duen indarra agerian geratu da beste behin ere:

  • Jatorria: ekoizpenaren %43 Bizkaiatik dator eta %30 Gipuzkoatik*. *Gipuzkoan beste bi hiltegi gehiago egon arren, Tolosako hiltegia ixtean hango hainbat baserritarri zerbitzua ematen hasi da Zubillaga, posizioa indartuz.
  • Tokiko eragina: sozietateko herrietan ekoizpen osoaren %16 kontsumitzen da, eta zatitze zerbitzuaren erabilera egonkor mantendu da bazkide diren herrien artean (zerbitzuaren %43 harakinek erabiltzen dute).
  • Norabide estrategikoa: 2025 amaieran Gipuzkoako abeltzain talde batekin akordioa gauzatu zen, astero BM-Uvesco taldeari 17 txahal hornitzeko.

Emaitza ekonomikoak

Finantza aldetik, Zubillagak norabide aldaketa positiboa berretsi du. 2024ko balantze negatiboa gaindituta, 2025eko ekitaldia irabazi garbiekin itxi du. Emaitza honek zerbitzuaren bideragarritasuna bermatzen du, kudeaketa gastuen kontrolari eta zatitze zerbitzuaren sendotasunari esker.

Zubillagak erakutsi du baldintza ezegonkorretan ere, funtsezko zerbitzua izaten jarraitzen duela lehen sektorearentzat eta tokiko kontsumoarentzat.