Zubillaga, etorkizunera begira

Azken urteetan sarritan entzun izan da lehen sektoreak hainbat erronka dituela aurretik, inolaz ere makalak, etorkizunean biziraun nahi baldin badu. Azkenaldian, baina, kezka hori areagotu egin da, hein batean, prezioen igoerek are gehiago larriagotu dutelako nekazari eta abeltzainen egoera.

Horren adibide dira, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako “Baserritar Misto Profesionala”, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak belaunaldi aldaketa lehentasunen artean jarri izana edo sektoreko profesionalak han eta hemen egiten ari diren mahainguruak.

Eta denek hiru puntutan egiten dute bat:

  1. Sektorearen erantzukizuna aldaketa klimatikoaren aurrean: prozesu eraginkor eta iraunkorragoak
  2. Berrikuntza eta teknologia berrien beharra
  3. Kolaborazioa eta aliantza estrategikoak

Zubilla-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak betidanik izan du argi 0 KMko produkzio eta kontsumoa dela prozesu iraunkorrena. Gainera, abeltzain, baserritar eta ustiategi txikiei ematen die zerbitzua, abeltzaintza estentsiboa garatzen duten baserrien biziraupena bermatzeko. Izan ere, argi du ekoizleei gauzak erraztea dela sektorearen biziraupenerako tresnarik eraginkorrena. Era berean, teknologia berriak erabiltzen ditu okelaren prozesamendu egokiena egiteko.

Era berean, aliantza estrategiko berrien bila hasi da. Egun, Debagoieneko eta Aramaio, Zumarraga, Urretxu eta Legazpiko Udalek osatzen dute Zubillagako sozietatea, baina udal gehiagoren atea jotzen hasi da, baserriaren eta proiektuaren biziraupena bermatzeko ezinbestekoa dela iritzita.