Ziurgabetasun egoera bati aurre eginez

Haragiaren sektorea azken aldian bizitako egoera zailenetako bati aurre egiten ari zaio. Abeltzainek ekoizpen kostu geroz eta handiagoei aurre egin beharrean daude eta salmenta bakoitzeko errentagarritasuna asko jaisten ari da, salmenten prezioa proportzio berean igotzea ezinezkoa bilakatzen den heinean. Azken aldian sektorearen bideragarritasuna esportazioek mantendu dute, baina tendentzia hau ez da jasangarria agertzen epe luzera begira.

Besteak beste, haragiaren sektoreak jasandako kostuen igoera energiaren prezioan (2019a baino %344 gehiago), garraioan edo bestelako zergetan (plastikoaren zerga adibidez) nabari da bereziki.

Abeltzainak ekoizpen prozesuan zailtasunak pairatzen ari dira.

Zubillaga ez da aparte geratzen

Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzua gertutik bizitzen ari da sektorearen krisialdian. Azken aldian ekoizpen bolumena modu nabarian jaitsi da, hilean %8 jaitsi delarik ekoizpena. Horrez gain, instalazioetara iristen diren animalietan ere nabaria da hauek pisu gutxiagorekin iristen direla sakrifizio unera, ekoizpen kostuak murriztu ahal izateko abeltzainak pentsu kantitatea murriztu beharrean daudelako. Kontziente gara egungo egoera ez dela jasangarria epe luzera, animali bat hazteak ematen duen lana ez delako errentagarria gaur egun baserritarrentzat, eta honek ekar dezake Euskal Herriko behi edo bestelako azienda kopurua murriztea. Honi aurre egiteko, kontsumitzaileak bere esku duen irtenbiderik egokiena  salmenta zuzen edota harategi tradizionaletan kontsumitzea dela esan dezakegu. Salmenta zuzeneko haragiak abeltzainaren lanaren errentagarritasunari zuzenean eragiten dio, eta beti bezala, bertako haragia modu egokian hazi eta sakrifikatu den bermea bere gain hartzen du.