Nekazal eremutik ikerketa laborategietara
Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak terapia berritzaileen bidezko begi gainazalaren birsortzea aztertzen duen Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa taldearekin batera elkarlana burutzen ari da. Ikerketa talde honek begi gainazaleko patologia garrantzitsuak aztertu ditu azken urteetan, besteak beste korneako ultzerak, korneako epitelio-higadura iraunkorra edo linbo esklero-kornealeko minusbaliotasuna.
Azterketa hauek egiteko, jada bizirik ez duten izakiak erabili ohi dira, eta zentzu honetan, Zubillaga-Oñati kolaboratzaile garrantzitsua bilakatu da, bertan sakrifikatzen diren animalien begiak ikerketarako baliabide interesgarriak bilakatzen direlarik.
Ikerketa esparruak zabalduz
Une honetan, EHU-ko ikerketa talde hau korneako ultzerak sendatzeko proiektu batean murgilduta dago, helburu nagusia biomaterial ezberdinak probatu eta ehun artifizial gisa jokatuko balute bezala, kornean sortu daitezkeen zauriak estaltzea dutelarik. Guzti hau animali bizidunetan probatu baino lehen, ahalik eta erreala den eredu batekin probatu nahi izan du ikertaldeak, eta horregatik Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuarekin elkarlana abian jarri du.
Ikerketan sakontzeko, Zubillagarengatik jasotako laginei zauriak egiten zaizkie korneetan (bizitza errealen gertatuko liratekeen zauri antzekoak erreproduzituz), ondoren begiak disekzionatu eta korneak euren osotasunean ateraz. Behin korneak gainontzeko begi ataletatik banatuta daudela, kultibo plaketan jartzen dira, eta egindako zauriak biomaterialekin bete. Horrela, egunetik egunera zauriak ze modutan osatzen diren, zenbateko denbora tartean eta norainoko itxura osasuntsuarekin erregistratzea posible da. Datu guzti horiek garatzen ari den materialen eraginkortasuna frogatzeko lehen emaitza bezala baliagarriak dira, eta behin materialaren eraginkortasuna baieztatzean, animaliekin eta azkenik gizakiekin probatzen jarraitzeko asmoa dute Euskal Herriko Unibertsitateko profesionalek.