Komunikazio estrategia berri bat
Zubillaga-Oñati Hiltegia garai berrietara begira jarri da eta bezero zein kontsumitzaileekin harremanak sendotuko dituen komunikazio estrategia berria aurkeztu du. Zerbitzu pertsonalizatua eskaintze aldera irudi, webgune eta komunikazio kanal berriak garatu ditu erakundeak. Irudi berriak ikuspegi modernoago bat eskaintzea bilatzen du, eta lerro moderno hau webgune berrian islatzen da. https://zubillagahiltegia.com/ atarian hiltegiari dagozkion nobedade zein balizko informazioa eskuratu ahal izango da, eta bertatik erakundeak abian jarritako Youtube, Facebook edo Flickr bezalako sare sozialetara salto egitea posible izango da. Webgunean ere hilabetero bidaliko den Zubillaga-Oñatiren buletin digitalera izen emateko aukera egongo da. Horrez gain, jauzi honek beste berritasun bat aurkezten du, whatsapp zerbitzua alegia. Hemendik aurrera hiltegiko bezeroek bertako arduradunekin kontaktu zuzena ezartzeko aukera izango dute 688 760 273 zenbakian, zubillaga@hiltegia.com helbide elektronikoaz gain.
Zerbitzuari garrantzia emanez
Debagoienean kokatua, Zubillaga Hiltegia SL 1983tik dihardu funtzionamenduan. Inguruko 12 udalerrik bultzatutako zerbitzu enpresa publikoa da, bereizgarri nagusitzat baserritar eta abeltzainekin duen gertuko harremana delarik.
Zubillaga-Oñatik hiltze, zatitze zein banatze zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen dio bezeroari, Euskal Herriko eta inguruko baserritar eta harakinek abelgorriak, zaldiak eta ardiak hiltzeko makila zerbitzua aurkitzen baitute bertan. Eskaintzen den zatitze eta banaketa zerbitzu pertsonalizatua abereen potentzial guztia ateratzeko bideratua dago. Abereek ez sufritzea eta ahal bezain gutxi estresatzea garrantzitsua da kalitatezko haragia lortzeko, eta Zubillaga-Oñatiko azpiegitura eta lan teknika garatuak horretara daude bideratuta, animalien ongizatea bermatuz. Horrez gain, zatitze gelan egiten den lanari eskerbertanhiltzen dena zatitu eta produktuari balio erantsia emateaz gain, bezeroari azken produktua formatu eroso eta egokian jasotzeko aukera ematen zaio. Zubillaga-Oñatiren banatze zerbitzuak bezeroari ganadua osorik, kanaletan edo ontziratuta jasotzeko aukera eskaintzen dio.
Tradizioa egingarri bilakatzen
Zubillaga-Oñatiren izendapen berriarekin Hiltegi eta zatitze zerbitzua izango da erakundearen izen osoa, bertan egiten diren bi ekintza nagusiek presentzia hartuko dutelarik. Zubillaga-Oñatik 9.000 abelburu inguru ekoizten ditu urtean 3 espezieak kontuan hartuta, eta 250.000 kg pasatzen dira bertako zatitze gelatik, zenbaki hauek 900 ustiategiri ematen zaien zerbitzuari dagokielarik. Zubillaga-Oñatiren joera goranzkoa da etengabe, eta komunikazio estrategia berria errealitate honi aurpegia jartzera dator. Gainera, okelaren prozesamendu egokiaren bitartez baserriaren biziraupena bermatzen du Zubillaga-Oñatik, krisialdian dagoen lehen sektorearen jarduera aktibo mantenduz. Horregatik irudi berriarekin batera slogan berria aurkezten da: Okelaren jatorria baserria, izan ere baserririk gabe okela kontsumitzea ezinezkoa izango baita. Zubillaga-Oñatik baserrietan hazten diren animaliak era egokian prozesatzen ditu, Euskal Okelaren kalitatea bermatzen duelarik. Erakundearen helburu nagusia haragiaren sektorea iraunkorra izatea da, eta prozesuaren bikaintasuna kalitatezko hainbat markek ziurtatzen dute (Eusko Label, Giokela, Ekologikoa edo Asturiana).
Zubillaga-Oñati, baserrien biziraupenerako erreminta baliagarria da. Baserriak, gure ingurugiro, paisaia eta kultura mantentzeko ezinbestekoak bait dira.