Dermatosi Nodular Kutsakorrari aurre egiteko neurriak hartu dira
Eusko Jaurlaritzak ganadu feriak debekatzeko erabakia hartu zuen aurreko ostegunean, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Diputazioetako ordezkariekin batzarra egin ondoren. Nafarroako gobernuak ere gauza bera erabaki du eta Ipar Euskal Herrian ere egoera berean daude.
Dermatosi Nodular Kutsakorra (DNK) batez ere behi aziendari eragiten dion gaixotasun biriko emergente bat da. Intsektuen ziztadagatik transmititzen da batez ere, eta noduluak sortzen ditu azalean, sukarra eta produkzio-jaitsiera eraginez. Gaixotasun honen ezaugarriak dira hedatzeko gaitasun handia duela eta abereei eta truke komertzialei kalte larriak eragiten dizkiela.
Hurbileko herrialde eta eskualdeetako egoera epidemiologikoak berriki izan duen bilakaera eta Espainian foku aktiboak agertu direla ikusita, nabarmen areagotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-arriskua, batez ere Autonomia Erkidegoan animalien mugimendu handia dagoelako eta abeltzaintzako ustiategi asko daudelako.
Egoera honen aurrean, eta prebentzioko neurri egokiak eta koordinatuak aplikatzeko helburuz, beharrezkoa da abere-kontzentrazioak aldi baterako etetea eta animalia-mugimenduen kontrola indartzea. Hala ere, foru-aldundiek, salbuespen gisa, gizartean errotuta dauden eta animalia-espezie bakarra duten ekitaldiak egiteko baimena eman ahal izango dute, behi-azienda izan ezik. Ekitaldi horiek desinfektatzeko eta desintsektatzeko osasun-plan espezifikoaren arabera antolatuko dira, eta Lurralde Historikoko abeltzaintza-zerbitzuak baliozkotu beharko du plan hori.
Mugimendua baino 24 ordu lehenago Euskal Autonomia Erkidegoan sartu edo irten diren abeltzaintzako garraio-ibilgailu guztiak desinfektatzeko eta desintsektatzeko betebeharra dago. Partidekin batera aurkeztu beharreko agirien artean, desinfekzio- eta desintsektazio-ziurtagiria eskatuko da, horretarako zentro batek emana, edo, bestela, garraiobidea eta animaliak desinfektatu eta desintsektatu dituela dioen erantzukizunpeko adierazpena. Berariaz egiaztatuko da Euskal Autonomia Erkidegora doazen edo Erkidegotik ateratzen diren abere-mugimendu guztien dokumentazioan garraiolariaren ATES (Animalia Biziak Garraiatzeko Baimen Kodea) berariaz adierazten dela.
