Abeltzaintza prezioen igoera jasaten ari da
Zereal-ekoizleek inoiz baino garestiago saltzen dute, eta abeltzaintza-sektorea horren ondorioak pairatzen ari da, elikagaien ekoizpena kolapsatzeko arriskua benetakoa den punturaino iritsiz. Prezioaren igoera hasia zen Ukrainako gerra hasi aurretik, gari tona 290 eurora iritsiz eta arto tona 270era. Hala ere, gatazkaren ondorioz, erreferentziazko prezioak 400 eurotik gora daude tona bakoitzeko. Testuinguru berri honetan, gerra hasi zenetik ekoizpen-prozesu osoan zehar abelburu bat elikatzearen kostua 300 eta 400 euro artean igotzea dakar. Eta hori guztia argiaren prezioa edo beharrezkoak diren beste baliabide batzuen igoera alde batera utzita.
Erantzuna bertakotik
Mundu globalizatu batean, Zubillaga Hiltegitik 3.000 kilometrora gertatzen den gatazka batek oihartzun handia izan dezake erakundean. Gaur egun, Euskal Herriko abeltzaintza etxe askok Ukrainako estepatik datozen zerealekin elikatzen dituzte beraien animaliak, batez ere han duten transgenikorik gabeko ekoizpen-ereduagatik. Ekoizpenaren garestitze horrek produkzioaren etetean bukatzeko arrisku nabarmena du, eta horrek eragin zuzena izango luke Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzua bezalako erakundeen lan bolumenean.
Une honetan, txanponaren beste aldea Euskal Herriko hegoaldeko laborantza txikietan aurkitzen dugu, non oraindik ere gari eta garagar nahikoa dagoen. Atzerriko zerealaren prezioen igoeraren ondorioz, salmentak handitu egin dituzte, baina egoera hori beraien kontra bueltatzeko arriskua ere badago. Aziendaren ekoizpenaren kostu globalaren igoera dela eta, ekoizpena murrizten bada, bezeroak nabarmen murrizteko arriskua dute.
Horregatik, batez ere epe luzera, premiazkoa da ekoizpen-eredu orekatu bat ezartzea, gehienbat tokian tokikoa, haragiaren balio-katea benetan osatzen duten eragileek ekoizpen eredua hobeto kontrolatu dezaten, multinazionalen interesetatik ihes eginez.
Iturria: https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20220321/la-ganaderia-principal-victima-de-un-maiz-a-precio-inasumible?fbclid=IwAR1R2h87R32MbmZFaWL0pVWRnS34_iVAQfJR7_XB7uCRXtICTNEpzSM3_pk