2022a modu onean gainditu du Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak

2022a urte oparoa izan da Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuan, berriz ere Erkidego osoko eta Nafarroako baserritar eta harategiei beharrezko zerbitzua emanez. 2020-2021 ekitaldietan pandemia dela eta izandako igoeraren ondorioz, 2022koa berregituratze urtea izan da, pandemiaren aurreko erritmora itzuliz.

2022 ekitaldiko ekoizpena 1.708.114kg/kanalekoa izan da, 2021koa baino %4 handiagoa. Ekoizpen honetatik 60 tona ekoizpen ekologikora bideratu dira, 2021eko kopurua %12 handituz, eta %36a Euskal Okela zigilupean ekoiztu da, 2021ean baino %3 gehiago.

Jatorriari dagokionez, ekoizpenaren %26ak Gipuzkoan izan du jatorria, %8ak Araban, % 48ak Bizkaian eta %8ak Nafarroan. Zentzu honetan, Laudioko hiltegiak ateak itxi izanak bertatik etorritako baserritar eta harakinei zerbitzua eman ahal izateko egindako esfortzua kontuan hartzekoa izan da, besteak beste banaketa ibilbideak aldatuz.

Guztira, 1.074 ustiategiri eman dio zerbitzua Zubillaga-Oñatik, 2021ean baino 34 gutxiagori, Honen arrazoi nagusia sektoreari eragindako kanpo faktoreei egotzi ahal zaie, besteak beste horniduren krisialdiaren eraginez zenbait baserritarrek gizentzeari utzi baitiote.

Azkenik, zatitze zerbitzuari dagokionez 383.046 kg./kanal zatitu eta prestatu dira, prestatutako haragiari dagokionez salmenta zuzena, harategietara emandako zerbitzuak eta autokontsumoa gainditzen direlarik. Aurreko ekitaldiekin alderatuz zifrek ere jaitsiera izan dute, pandemiaren testuinguruan salmenta zuzenak izugarrizko igoera jasan bai zuen, eta 2022an egoera normalizatu izanak aurreko urteetako zenbakietara bueltatzea ekarri du.

Ekoizpenaren kalitatean fokua jarriz, 2022an bertara heltzen diren animalien ongizatea bermatzeko inbertsioa egin zen instalazioetan. Duela zenbait urte ukuilu eroso eta zero sufrimenduko sakrifizio metodoa ezartzeko apustua egin zen, eta 2022an kamera ezberdinak instalatu dira prozesu guztia monitorizatzeko. Horrela, abelburu bat bere instalazioetara iristen denetik, eremu bakoitzean instalatutako kameren bidez monitorizatzen da bere egonaldia, animalia lasai eta eroso egongo dela bermatuz.

Gizartean eragiten jarraitu

Ekoizpenaren erritmoaz gain, 2022a gizartean eragiteko duen konpromisoa berresteko urtea izan du Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak. Esaterako, LANBIDE-ren bitartez bere instalazioetan “Animaliak hiltzea, prestatzea eta zatikatzea” ikastaroa eskaini du. 180 orduko ikastaro honetan sektorearen etorkizuna bermatuko duten profesional berriak hartatzeko aukera izan da. Horrez gain, inguruko erakundeekin elkarlanerako ekimenak aurrera eraman ditu Zubillaga-Oñatik, besteak beste Euskal Herriko Unibertsitatearekin Arkume proiektuaren baita edo ULMA Inoxtruck enpresarekin karga ezberdinen manipulazioa ahalbidetzen duten ekipoen integrazioarekin.

Azken urteetan Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak egiten ari den lana aitortua izan da besteak beste Spri taldearen Haziinova errekonozimenduarekin.