“Zubillaga Hiltegia esportatzeko moduko proiektua da”
ASIER AGIRRE MUGARZA
Aramaioko alkate Asier Agirre Mugarzak parte hartu zuen Zubillaga Hiltegia sozietate publikoaren sorreran. Gaur egun administrazio kontseiluko kide da eta, gainera, baserritarra da; hortaz, badauka sozietate publiko honen gaineko ezagutza eta sozietate publiko honek lehen sektorearentzat daukan garrantziaz jakitun da.
Zergatik erabaki zuen Aramaioko Udalak, beste udalekin batera, Zubillaga Hiltegia sozietate publikoa bilakatzeko lanketa egitea?
Hiltegia Debagoieneko Mankomunitatearen zerbitzu bat zen eta ixteko zorian zegoen. Hortaz, garaiko ordezkariek erabaki genuen elkarte publiko bat sortzea eta gerente bat kontratatzea. Zubillaga Hiltegiak izan duen bilakera ikusita oso harro gaude unean hartutako erabakiaz. Izan ere, garrantzitsua zen zerbitzu hori bermatzea, lehen sektorea laguntzea eta era berean bailara osatzen duten herri txikiak ere erabakigune horretan egotea. Gaur egun Euskal Herriko abeltzain guztiek ezagutzen dute Zubillaga Hiltegia eta hainbeste urtetan zerbitzu ona ematen jarraitu izana oso adierazgarria da.
Zertan egiten die mesede aramaioarrei Zubillaga Hiltegiko kide izateak?
Erabiltzaileendako abantaila ekonomikoak, egon badaude ere, ez dira izugarriak. Hori baino gehiago da bermatzea bertako abeltzain eta harakinei gertuko zerbitzu bat eskaintzea, guk kontrolatzen duguna, publikoa. Egiaztatu da zerbitzu ona dela, konfiantzazkoa. Eta, gainera, hiltegia bertan egonda animaliek stress txikiagoa sufritzen dute. Hori ere kontuan hartzekoa da animaliak ez direlako soilik okela.
Erraza da udal guztien arteko koordinazioa?
Bai, oso ondo koordinatzen gara hasieratik bai administrazio kontseiluan zein hiltegiko batzarrean. Hiru alderdi politiko ordezkatuta gaude eta ez da inoiz oztoporik egon. Beti izan dugu gure artean harreman ona, zerbitzua ona delako eta jendea gustura dagoelako. Gainera, hori asko errazten dute bertako profesionalek, lan ona eta gertukoa egiten dutelako.
Zubillaga Hiltegiak daukan tamaina bada balio garrantzitsu bat, ezta?
Bai. Daukan tamainak bermatzen du lehen sektorerako eta duen helbururako hain garrantzitsua den gertutasuna. Udalek inbertsio garrantzitsuak egin dituzte eta instalazioak puntakoak dira. Gainera, oso funtzionamendu gardena dauka, ate irekiak egiten dira, abeltzain eta harakinak bertara joaten dira, zerbitzua malgua da, erabiltzaileei egokitutakoa…
Lehen sektoreari ematen dion zerbitzuak berebiziko garrantzia dauka…
Bai. Argi dago gero eta zailagoa dela lehen sektoretik bizitzea. Abeltzaintza txikia bultzatu eta babestu beharra daukagu, auzokoa, herrietakoa… Horretarako oso garrantzitsua da hiltegia hurbil egotea. Era berean, abeltzaintza txiki horrek bermatzen du hainbeste miresten dugun gure ingurunea eta paisaia kontserbatzea. Eta, abeltzaintza txikiari esker lortzen ditugu bertako konfiantzazko produktuak. Denak dira onurak, eta egin beharrekoak. Nik oso argi daukat: Zubillaga Hiltegia bada esportatzeko moduko proiektua; Euskal Herrian bi edo hiru Zubillaga Hiltegia egon beharko lirateke.