Indarrean da nekazaritza sektoreko produktuen hurbileko salmentari buruzko araudia
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, indarrean da nekazaritza sektoreko produktuen hurbileko salmentari buruzko araudia. Zehazki, hurbileko salmentaren bidez merkaturatutako elikagaien higiene, osasun, trazabilitate, etiketatze eta publizitate baldintzak ezartzen ditu arauak, kontsumitzaileek produktuei buruzko informazio argi eta zehatzena izan dezaten.
Dekretuaren arabera, hurbileko salmenta izan daiteke zuzenekoa, hau da, ekoizleek azken kontsumitzaileari, bitartekaririk gabe, egindakoa edo zirkuitu laburrekoa gehienez ere merkaturatze kateko bitartekari baten bidez burututakoa.
Kasu horietan, ekoizleek hurrengo eskakizun orokorrak bete behar dituzte:
- Indarrean dagoen araudiaren arabera, euren jarduerari dagozkien nahitaezko erregistroetan inskribatuta egotea: REGA, REGEPA, REACAV, RGSEAA edo/eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza Industrien Erregistroan.
- Foru organoei hurbileko jarduera deklaratzea, Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean (REGEPA) edo Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean sartzeko (REGA).
- Agintari eskudunak ez izatea kautelazko edo esku hartzeko neurrien mende, elikadura segurtasunagatik edo animalia edo landare osasunagatik.
- Trazabilitate erregistroak eramatea, gutxienez, saldutako produktuei, saldutako kopuruari eta salmenta datari eta lekuari buruzko informazioa jasotzen dutenak. Zirkuitu laburreko salmentaren kasuan, bitartekaritza establezimenduaren identifikazioa ere jaso beharko da (titularra, IFZ eta establezimenduaren helbidea). Azken kontsumitzaileari zuzenean saltzen bazaio, ez da beharrezkoa bezero hartzailea identifikatzea.
- Trazabilitate erregistro horiek edukitzea, gutxienez hiru urtez.
- Kontsumitzaileari salmentaren egiaztagiria ematea (salmenta ordainagiria edo tiketa).
- Azken kontsumitzailearen eskura jartzea produktuen ekoizlea eta jatorrizko ustiategia behar bezala identifikatzeko behar den informazioa.
Araudiak, bestalde, elikagaien segurtasunaren erantzule egiten ditu ekoizleak, betekizun higieniko eta sanitarioak jasotzearekin batera.
Ontziratu gabeko produktuen informazioari dagokionez, zuzeneko salmentan ekoizleek ahoz helarazi behar diote informazioa azken kontsumitzaileari, eta identifikazio kartelean zera jaso behar dute: elikagaiaren izena, osagaien zerrenda, alergiak edo intolerantziak eragiten dituzten substantziei edo produktuei buruzko informazioa, eta, alkohol bolumenean %1,2 baino gehiago duten edarien kasuan, eskuratutako alkohol gradu bolumetrikoa. Zirkuitu laburreko salmentan, aldiz, ekoizleak nahitaezko informazio guztia emango dio bitartekariari.
Ontziratutako produktuen arloan, araudiak ez du berritasunik ekarri, Europako eta estatuko arauei egiten baitie erreferentzia. Beraz, Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuko zatitze gelari esker, haragia saltzen duten baserritarrek euren produktuak legedi guztia beteta komertzializatzen jarraitzeko aukera izango dute.