Enpresako lanaldia murriztu eta lehen sektoreko jarduerarekin bat egiteko ekimena aurkeztu du Gipuzkoak
“Baserritar Misto Profesionala” ekimena aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, lehen sektorearen belaunaldi erreleboa bermatzeko. Horrela, lehen sektorean jarduera profesional bat garatu nahi duten pertsonek lanaldia murriztu ahal izango dute enpresan, euren ustiategian profesionalki jardun eta bi lanak uztartzeko.
Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak azaldu duenez, gaur egun, 50 urtetik gorako pertsonek kudeatzen dute ustiategien %78, eta horregatik ikusi dute beharrezko lehen sektorearen belaunaldi erreleboa bermatzea, baserritarrak oinarrizko eragileak direlako: “Baserritarrak funtsezko eragileak dira gure ingurunea zaintzeko, klima-aldaketaren aurkako borrokan eta tokiko elikadura jasangarria eta kalitatezkoa bermatzeko”.
Datorren urtetik aurrera, diru laguntzen deialdi bat egingo du urtero Foru Aldundiak, bai langile interesdunarentzat eta baita bere lan profesionala egin duen enpresarentzat ere. Proiektuak sei urteko iraupena izango du guztira, eta tarte horretan baserritarrek 40.000 euro jasoko dituzte, bi ordainketetan banatuta, bata programaren hasieran eta bestea hirugarren urtean; enpresek 30.000 euroko ordainketa bakarra jasoko dute.
Bete beharreko baldintzak
Programaren laguntzez baliatzeko, langile interesdunak 18 eta 55 urte artean izan behar ditu. Beharrezkoa da kontratu mugagabea eta lanaldi osokoa izatea eta enpresan gutxienez 18 hilabeteko antzinatasuna izatea. Bazkide langileen kasuan, 10 bazkide baino gehiago dituzten erakundeetako bazkide langileek baino ez dute laguntza jasotzeko aukera izango. Gainera, ustiategia Gipuzkoan kokatuta egon behar da; langile interesduna ustiategiaren titularra izan eta Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda egon behar da; eta bideragarritasun plan bat izan behar du.
Enpresen kasuan, baldintza nagusia da euren jarduera ez egotea lehen sektoreari lotuta. Interesdunarekin akordioa sinatu ondoren egingo zaio ordainketa enpresari, eta akordioak lanaldia %50era murriztea bermatu beharko du, lanaldi osora itzultzeko aukerarekin.
Zalantzak argitu eta informazio gehiago jasotzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak bmp@gipuzkoa.eus helbide elektronikoa ahalbidetu du.
Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuaren oinarrizko printzipioetako bat da baserriaren iraunkortasuna, lehen sektorearen jarduera aktibo mantentzea, eta, beraz, garrantzitsutzat jotzen du baserritarrei gauzak ahalik eta gehien erraztea, bai bere zerbitzuaren bitartez eta baita horrelako ekimenen bidez ere.