Elikadura kate osoko kostuak eta prezioak kontrolatuko ditu Eusko Jaurlaritzak

Elikadura kate osoko kontratuak kontrolatu eta ikuskatuko ditu Eusko Jaurlaritzak, operadoreen arteko merkataritza harremanen gardentasuna ziurtatzeko. Ikuskapenok urterokoak zein ausazko izango dira. 200 eta miloi bat euro arteko isunak ere aurreikusi ditu, kostuaren azpitik ordaindu, kontratuak ondo egin ez edo Berankortasun Legea errespetatzen ez diren kasuetarako. Kontratu guztiak erregistratu egin beharko dira.

Espainiako Kongresuak 2021ean onartutako Elikagai Katearen Legea garatzeko onartutako dekretuaren baitan arautu ditu Eusko Jaurlaritzak kate osoa ikuskatzeko, kontrolatzeko eta isunak ezartzeko mekanismoak.

Izan ere, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren arabera, “egiturazko ahultasuna” dago nekazaritza sektorean, bereziki, merkataritza katebegiekiko harremanetan. Hori dela eta, “oreka” ezarri nahi du dekretuak elikadura katean.

Bi tresna garrantzitsu

Araututako tresnetako bi dira Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodea eta Elikadura Katearen Behatokia. Lehenengoak hainbat helburu ditu, tartean, lehen sektorearen iraunkortasun sozial, ekonomiko eta ingurumenekoaren alde egitea; kalitatezko nekazaritzako elikagaien balioa nabarmentzea; eta legeari egokitutako elikagai kontratuak sustatzea.

Behatokiari dagokionez, elikagaien kostuen jarraipena, aholkularitza, informazioa eta azterketa egiteko organoa da. Hala, gutxieneko prezioak ezartzen ditu irizpide objektibo batzuen bidez, hala nola, produktuen, energiaren, makinen, eraikinen eta eskulanaren prezioak. Esnearen eta haragiaren kasuan, urtean hirutan aztertu eta eguneratuko ditu prezioak.

Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzua abeltzainentzako erreminta bat, lehen sektoreari zerbitzua ematen dion enpresa, den heinean arduraz bizi ditu elikagaiei eta lehengaiei lotutako merkataritza praktika desegokiak.