Animaliak errepidez garraiatzeko ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zerbitzua, martxan
Animaliak errepidez garraiatzeko ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko betebeharra ezarri zuen 638/2019 Errege Dekretuak duela sei urte. Ondorioz, ehiztari, hipika zale, baserritar zein lehen sektoreko bestelako profesionalak behartuta daude, edozein animalia, bizia edo hila, garraiatu ostean, ibilgailuak desinfektatzera zoonosis oro saihesteko.
Zubillagaren helburuetako bat baserritarrei lana ahalik eta gehien erraztea dela kontuan izanda, Zubillagak martxan jarri du animaliak errepidez garraiatzeko ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zerbitzua, izan hiltegi eta zatitze zerbitzuko erabiltzaileentzat zein erabiltzaileak ez direnentzat.
Garbiketa norberak egin behar duenez, garbitzeko zerbitzuaren ordutegia librea da, eta 2,5 euroko kostua du fitxa bakoitzak. Aldiz, desinfekzioa Zubillagako langileen ardura da; horregatik, Zubillagako ordutegiaren barruan baino ezin daiteke egin, astelehenetik ostiralera, 7:00etatik 13:30era. Desinfekzioaren prezioari dagokionez, karroek 5 euroko kostua dute; kamioiek, 10 eurokoa; eta abereak hiltegira eramaten ez dituzten ibilgailuek (ehiza, hipika…), 15 eurokoa.
Jarraian daude azalduta garbiketa eta desinfekzio prozesuan jarraitu beharreko pausuak:
1. Ibilgailua zamalanetarako kaian aparkatu, eta ganadua deskargatu.

2. Atera eta bota hondakin solidoak edukiontzira. Jaso garbiketa tresnak bulegoan, hala nola, pala eta eskuilak.

3. Aparkatu ibilgailua garbiketa gunean (horma gorria), gezien norabide berean.

4. Garbiketa fitxak sartu, eta garbitu presiozko urarekin ibilgailuaren kanpoaldea eta barrualdea.

5. Zubillagako langileak garbiketa zuzena dela egiaztatu ondoren, ibilgailua desinfekzio arkutik igaro abiadura baxuan.

6. Aparkatu ibilgailua desinfekzio gunean (horma urdina). Zubillagako langilea arduratuko da desinfekzioa egiteaz.

7. Zubillagako langileak azienda sartzeko ateak zigilatuko ditu.

8. Garbiketa tresnak bulegoan utzi, eta desinfekzio ziurtagiria jaso.

9. Atzeko atetik irten.
